ekogunea

Grifoterapia.

Eta edateko?

Erronka

Kutxa Ekoguneak iturriko uraren kalitatea nabarmentzeko kanpaina bati ekin dio Txingudi Zerbitzuak eta Añarbeko Urak partzuergoekin elkarlanean; horretaz gain, haren kontsumoa jasangarritasun handiagoko ohitura gisa sustatzea ere badu helburutzat. Kanpainaren ardatza berrerabil daitezken beirazko pitxer batzuk dira, ostalariek bezeroen esku jarriko dituztenak eskatu beharrik izan ez dezaten; halere, kanpainak zerbait gehiago bilatzen zuen, mezu sinesgarri batekin gazteengana iritsi nahi zuen, mezuan beren burua identifikatuta ikustea, azken batean.

Ideia

Funtsezko hiru erabaki hartu genituen. Lehenik, iturriko ura «duintzea» eta haren balioa nabarmentzea; hartarako, «Etxeko Ura» proposatu genuen pitxerren izen modura, eta gainera, haien kalitate mailaren neurriko diseinu-lerro bat ere eman genien.

Bigarrenik, pitxerrak pitxer hutsak bakarrik ez izatea lortzea, baizik eta jakien arteko denbora arintzeko baliagarri ere izatea; hartarako, joko bat diseinatu genuen, pitxerreko QRren bitartez eskuragarri, urarekin eta jasangarritasunarekin lotutako Trivial moduko galderekin. Zenbat dakizun eta lortutako puntuen arabera hauxe izan zaitezke: Planet Kapitaina, Zaborg 18 bat, Ekobeginner bat...

Eta hirugarrenik, Barros Schelotto doktorea asmatzea. Psikoanalista argentinar horrek urteak daramatza ikertzen gipuzkoarrak zergatik ez diren ausartzen tabernetan eta jatetxeetan iturriko ura eskatzera. Proiektuaren goiburuan ikusi ez baduzu, hurrengo iragarkian hark berak azaltzen du arazoa.